jueves, 20 de diciembre de 2012

Jose Luis Zabalo Zumarragako abeltzaina

"Zaldiaren haragia behiarena baino osasuntsuagoa da eta, gainera, merkeagoa"

Ostegunean Santa Lutzi feria izan zen Urretxu eta Zumarragan. Bi herrietako lagun askok parte hartzen dute fruta, barazki, kapoi eta ezti lehiaketetan; baina zaldi lehiaketan aritzen direnak gutxiago dira. Horietako bat Jose Luis Zabalo zumarragarra da.
 
Asier Zaldua- Sábado, 15 de Diciembre de 2012 

 
Jose Luis Zabalo, Korta baserri ondoan, behor batekin eta bere moxalarekin.

Jose Luis Zabalo, Korta baserri ondoan, behor batekin eta bere moxalarekin. ( argazkia: a.z.)
 
 
Zabalok 72 urte ditu eta Ezkio-Itsasoko Mendizabal baserrian jaio zen. Orbegozo enpresan lan egin zuen soldadutzara joan aurretik eta ondoren kamioilaria izan zen. Ia 40 urte eman zituen lanbide horretan. Baina zaldien zangoak gurpilak baino gustukoago ditu eta abeltzaina da bokazioz.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Baserrian beti ganadua izan dugu: ardiak, behiak, behorrak... Behor artean ibili gara, batez ere. 10-12 urte bakarrik nituen aitarekin lehenengoz Santa Lutzi feriara joan nintzenean. Beti horrela ibili gara eta hala jarraitzen dugu.
Zaldia duzu, beraz, abere kuttuna.
Hala da, baina behiak ere baditut. Erretiratuta nago eta zerbaitekin entretenitu behar...
Zenbat abelburu dituzu?
Okeletarako zaldiekin ibiltzen naiz eta 20-30 bat ditut. Behiak, berriz, gutxi. Hauek ere haragitarako.
Zein arrazako zaldiak dituzu?
Burgete arrazakoak. Nafarrak. Haragitarako onak dira. Pottokekin ez dago zereginik. Gainera, abeltzaintza oso gaizki dago. Lan asko ematen du eta diru gutxi.
Asko al zarete inguru honetan zaldiekin zabiltzatenak?
Oso gutxi gara. Batzuek etxean behor batzuk hazten dituzte, baina ez dituzte nik bezainbeste buru. Ardiekin eta behiekin jende gehiago dabil. Dena den, dena dago gaizki.
Paraje aldapatsua da. Ez dirudi zaldiekin ibiltzeko oso egokia denik.
Ezin dira zaldi asko eduki. Ez dago toki asko. Gainera, pinu asko dago eta mendiak zikinak daude. Lehen mendi ona genuen. Argixao mendia abereentzat oso ona zen, baina gero pinuz eta pistez bete zen.
Nafarroan ganaduzale gehiago daude.
Nafarroan mendi hobeak dituzte eta han zaldi gehiago daude, baina han ere beherakada nabarmena izan da. Gazteek ez dute etorkizunik ikusten. Gainera, sekulako agiri pila bete behar da, pentsua oso garestia da... Guk uzten dugunean, akabo zaldi kontua. Nire ustez, hori da agintarien helburua. San Fermin feria sekulakoa zen eta orain kendu egin nahi dute. Mutikoa nintzenean astebete irauten zuen! Iruñean San Migel feria ere egiten dute eta hori ere desagertzear da. Nafarroan ganaduzale elkarte asko daude eta horren aurka borrokatuko dira, baina gobernua ferien aurka dago. Ez du ezer jakin nahi ganaduaz. Lizarrako feriak ere behera egin du.
Nongoak dira egungo feria garran-tzitsuenak?
Lehengoan Reinosan izan nintzen. Hangoa ona da. Potesekoa ere bai. Baina han behiak dira nagusi. Hala, Santa Lutzitakoa zaldi feria onenetakoa da.
Asko aldatu al da feria hau zu mutikoa zinenetik?
Asko jaitsi da. Garai batean bi herriotako kale guztietan ganadua izaten zen.
Nola ematen duzu zuk Santa Lutzi eguna?
Goizean ferian izaten naiz eta ondoren etxera joaten naiz bazkaltzera. Lehen, berriz, feria egun guztikoa izaten zen. Valentziarrak hurrengo egunean joaten zirela gogoratzen dut. Erositako zaldiak Eitzagan gordetzen zituzten, Rufino Mendizabalek alokatzen zizkien pabilioietan. Goizean trenean sartzen zituzten. Egun kamioian eramaten dituzte.
Non saltzen dituzu zaldiak?
Loditegietara bidaltzen ditut. Italian asko saltzen da, nahiz eta azkenaldian han ere kontua jaitsi egin den. Izan ere, lehen trailer batean 40 zaldi eramaten uzten ziguten eta orain askoz ere gutxiago eraman ditzakegu. Garesti ateratzen da zaldiak hara bidaltzea. Hemendik Italiara joan-etorria 3.000 kilometro dira.
Zure zaldiak zure baserrian bertan jaiotzen al dira?
Batzuk bai. Urtebete eta 18 hilabete bitartean saltzen ditut.
Haragitarako saltzen dituzula esan duzu, baina inguru honetan zaldi haragi gutxi jaten da.
Hala da. Gehiago jan beharko litzateke. Zaldi haragia ona da. Tolosan badago zaldi haragia saltzen duen harategi bat: Lizarralde. Nagusia Beasaingo Garin auzokoa da. Mutikoak ginenean herri askotan zeuden zaldi haragia saltzen zuten harategiak. Tolosan hiru egon ziren, Errenterian beste hiru, Donostian bi...
Zergatik galdu da zaldi haragia jateko ohitura?
Ez dakit ba... Zaldiaren haragia behiarena baino osasuntsuagoa da. Grasa gutxiago du. Gainera, merkeagoa da. Baina euskaldunok ez gara haragi hau jaten ohitu. Dena den, badaude moxalak etxerako hiltzen dituzten baserriak. Ermuako harategi batek asko saltzen du. Astean lau moxal saltzen ditu. Hilean 1.000 kilo.
Lan gogorra al da zuena?
Bai. Zaldia ganadu bizia da eta zaldi artean ibiltzen ohituta egon behar da honetan lan egin ahal izateko. Ohitzeko, txikitatik ibili behar da.